2016/04/16

 

Abian da 'Irakurri, Gozatu eta Oparitu' kanpaina



Egitasmoak hainbat berrikuntza izan du aurten, inportanteena, Patxi Zubizarreta idazleari eskaturiko 50 liburu gomendatuen zerrenda, bost adin tartetan banatua.
2016ko apirilaren 1a eta maiatzaren 31 artean dago martxan, IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoaren 10. edizioa. Euskaltzaleen Topaguneak hamargarrenez abiatu du egitasmoa zenbait euskaltzaleen elkarte, udal , liburutegi eta liburu dendarekin batera.
Irakurketa sustatzea, euskarazko literatura ezagutaraztea eta liburutegi publikoen erabilera bultzatzea, hiru horiek dira egitasmoaren helburu nagusiak, eta horretarako prozesu aberasgarri bat eta parte hartzaileentzako abantailak proposatzen dira.
Hamargarren edizioa 50 herritan dago martxan.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:

  1. Irakurri. Lehnengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan  eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.
  2. Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
  3. Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu.
Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.
Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi dituzte EuskaltzaleenTopaguneak eta tokiko antolatzaileek ekimen honen bidez:
  • Euskaldunei liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo izateko gonbitea egitea
  • Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
  • Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.
Bi hilabetez martxan, apirilaren 1etik maiatzaren 31ra

˜Irakurri, Gozatu eta Oparitu” egitasmoa apirilaren 1ean abiatu eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 11rartekoa izango da.

Egitasmoak hainbat berrikuntza izan du aurten, inportanteena, Patxi Zubizarreta idazleari eskaturiko 50 liburu gomendatuen zerrenda, bost adin tartetan banatua.